BERRIA kamisetak
Osteguna, 2008ko abuztuak 7, 18:59:27an berritua

Eibarko mapamundia

gizarte softwarea. Norberarentzat garrantzitsuak diren munduko lekuak Interneteko mapetan markatzeko eta horien inguruko informazioa trukatzeko bidea ematen du 'Tagzania' ekimenak

edu lartzanguren - DONOSTIA

T

agzania errepublika berria da; Lur planeta osoa bezain zabala da eta gizateria osoak du tokia bertan. Hiriburua, Eibar. Gizarte softwarearen loraldiaren urtea izan zen 2005a. Elkar ezagutu gabe, mundu osoko milaka pertsona euren argazki, bideo eta bestelakoak elkartzen hasi ziren Interneteko doako biltegietan. Guneotako sortzaileek ez dute galderarik egiten, norberak nahi duena jartzen du han, besteekin partekatzeko. Dortoka Uharte birtual horietako bat da Eibarren sortutakoa. Norberaren geografia partekatzen du jendeak, munduko maparen gainean jarritako etiketen bidez.

«Non eman zenuen lehen musu erromantikoa?», galdetu du Luistxo Fernandezek, Eibarko CodeSyntax software enpresako buruak. Egoitzaren egongelako pop estiloko sofa gorrian eserita egonik, indiskretua ematen du galderak. Ez dago arriskurik, Tagzaniako erabiltzaileen ekimenetako bat da first kiss: norberaren lehen musuaren lekuak markatzen ari dira. Google bilatzailearen satelite bidezko mapak erabiltzen dituzte tagzaniatarrek. Mapan puntu bat markatu eta tag (etiketa) batzuen bidez deskribatzen dute. Lehen musua da etiketa horietako bat.

«Tagzania edonork erabiltzeko tresna bat da, ez da baliabide komertziala», dio Fernandezek. Informazio komertziala berez agertuko da Googlen mapetan etorkizunean. Hotelek, frankiziek eta bestelako negozioek dirua ordainduko diote bilatzaileari honen mapetan agertzeko. «Zer gertatzen da, ordea, interes komertzialik ez baina interes pertsonala duen informazio geografiko mordoarekin?», galdetzen du Fernandezek. Galdera erretorikoa da, jakina, erantzuna «Tagzania» delako. «Gure ustez, Tagzania oso tresna baliagarria da informazio hori antolatzeko».

«Ni hemen nago»

Fernandezek, besteak beste, lagunei «hemen nago» esateko erabiltzen du tresna. «Auzoan etxea markatuta daukat, eta kerik gabeko taberna bat», dio. Oporretan argazkiak egiten ditugun bezala, non egon garen markatu dezakegu. Pantailan Parisko mapa agerrarazi du Fernandezek: «Le Marais auzoan izan nintzen. Zer ikusi genuen han?», dio sagua maparen gainean mugitzen. «Okindegi judu hau ikusi genuen, eta han jan genuen zerbait. Plaza honetan etzanda egon ginen, argazkiak ditugu».

Fernandezen Paris dagoen bezala, beste erabiltzaile batek bost puntu markatu ditu Washingtonen, eta lagun bati bidali dio mapa. «Zertarako? Ez dakit», dio Fernandezek. Washingtongo irudia desagertu da, orain Huesca (Espainia) agertzen da. «Norbaitek kaleetan dauden zuloak markatu ditu, Udalaren utzikeria salatzeko, eta salaketa hedabideetan ateratzea lortu dute».Aukerak zenbakaitzak dira: alokairuan dauden etxeak non dauden ikustea, telefono haririk gabe Internetera sartzeko wi-fi guneak non dauden jakinaraztea, hiri batean hilketa gehien gertatzen diren kaleak zeintzuk diren eta horrek hango etxeen prezioarekin duen harremana erakustea...

Tagzania aipatu zuen iazko irailean Erresuma Batuko The Economist astekariak. Gizarte softwarearen inguruan sortzen ari den munduaz idatzi zuen The Economist-ek: «Erabiltzaileek eurentzat garrantzia duten lekuak markatzen dituzte: eskolako lagunen etxeak, esaterako. Oroimenaren mapa hori partekatu dezakete gero lagunekin, edo hiri berean bizi diren beste batzuek ekarpenak egin ditzakete. [...] Tagzania.com gunearen erabiltzaileek jatetxeak, tabernak eta beste leku interesgarriak marka ditzakete».

10.000. puntua

Uztailean abiatu zen Tagzania eta aste honetan 10.000. puntua jarri dute errepublika birtualean. «Errenteria-Orereta» izendapena errebindikatzeko markatu du Gipuzkoako udalerria erabiltzaile batek (egun Errenteria soilik da izen ofiziala).

Ingelesa da, oraingoz, lingua franca, baina etorkizunean euskaraz ere jarriko dutela dio Fernandezek. «Sei hizkuntzatan atera nahi genuen hasieratik, mundu mailako zerbitzua eman nahi dugulako, baina txinerarekin topo egin genuen». Tagzania txineraz agertzeko zailtasunak gainditu arte, soilik ingelesez argitaratzea erabaki dute. Etiketak, ordea, nahi den hizkuntzan jar daitezke.

Denborarekin erabiltzaile kopurua masiboa izatea espero dute. Gizarte softwarearen iraultzaren ametsa da, jendeak berak sorturiko edukiekin osatutakoa. Blogekin herritarrak kazetari bihurtu dira, Flickr gunearekin argazkilari. Interneteko mapetan agertu agertuko dira ordaindu nahi duten guztiak, baina tagzania.com eta antzeko beste guneetan, milaka lagunen puntuak agertuko dira, eta metatuta, besteak baino askoz gehiago izango dira, Interneten ez dagoelako espazio arazorik. Geografiaren buztan luzea da. Norberaren Michelin gida, Eibarko mapamundian.



 

z Zer da gizarte softwarea?

Ordenagailuen bidezko komunikazioak erabilita, herritarrei elkartzeko, informazioa trukatzeko edo lan egiteko aukera ematen dieten programak dira. Batzuek berehalako mezu zerbitzuak eta Interneteko foroak sartzen dituzte definizioan, baina beste batzuek askoz berriago diren baliabideei bakarrik esaten diete gizarte softwarea. Hona azken tresna horietako batzuk.Leku gidak: Mundu errealeko lekuen inguruko informazioa trukatzeko. Adibideak: Tagzania, CafeSpot eta WikiTravel.

Gogokoen gidak: Interneten gogoko guneen berri trukatzeko. Horren bidez antzeko interesak dituzten pertsonak elkartzen dira. Adibideak: del.icio.us, Linko.

Gizarte liburutegiak: Argazkiak, bideoak edo bestelakoak trukatzeko. Adibideak: Flickr, Bideobomb.



© BERRIA-Edizio Digitala
berria@berria.info - www.berria.info

Lege Informazioa

Euskal Editorea S.L. , Martin Ugalde Kultur Parkea 20140 Andoain Tel 943 304 030 Fax 943 590 172

 

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari