Berria.info

Asteazkena, 2008ko abenduak 3 -

2008-10-02

Edvige deuseztatzea nahi dute eragileek

Poliziaren fitxetan herritarren datu pertsonalak jasotzeari bide ematen dion dekretuaren aurka mobilizatzera deitu dute

Dekretua indarrean jarri ondoren adostasuna lortu nahi du Gobernuak

Aitor Renteria

Baiona

Edvige fitxategiaren aurkako mobilizazioak ezustean harrapatu du Frantziako Gobernua. Uztailaren 1ean, udan jende gutxiago ohartuko dela baliatuz, fitxategi erraldoia osatzeko dekretua onartu zuen Frantziako Gobernuak. Uztailaren 10ean xedearen aurka sinadurak biltzen hasi ziren. 205.000 lagunek izenpetu dute Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. 1.139 elkarte, alderdi eta sindikatuk bat egin dute. Ikasturte berria hastearekin batera, Edvigeren aurkako mugimendua indartu da eta mobilizazioa antolatu dute urriaren 16rako.

«Gizarte osoaren fitxaketa sistematikoa da Edvige, jendearen eremu pribatuan gordetzen ziren elementuak Poliziaren esku utziko dituena», dio Christophe Stephany Edvigeren aurkako Ipar Euskal Herriko taldeko eledunak. Aldi berean, Miarritzeko gay eta lesbianen elkarteko presidentea da eta talde gisa Edvigeren jomuga direla jakinarazi du.

Frantzian gaur egun edo etorkizunean eragina edo ardura ukan dezakeen edozein pertsonari buruzko informazioa agertzen da Edvigen, sindikatu, alderdi edo elkarteetako kide izan. Arriskua sor dezaketen pertsonen jarraipena egitea da, dekretuaren sustatzaileen arabera, Edvigeren xedea. Alta, Michelle Alliot Marie Frantziako Barne ministroak berak aitortu zuen Edvige gaur egun baliatzen diren fitxategien arautzea baino ez dela.

Bertze hainbat legerekin ez bezala, Edvigeren aurkako borroka ezustean abiatu da. Lehen hilabetean hamar mila izenpetze baino ez zuten lortu. Irailak, aldiz, elkartasun uholde bat eragin du. Dekretuaren kontrako oldarrak gibelera egitera bultzatu du Frantziako Gobernua. «Garrantzitsuena dekretuaren helburua atxikitzea da, gatazkak eragiten dituzten elementuak baztertuz», erran zuen Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak protestak baretze aldera. Adostasuna lortzeko prozedura abian ezartzea eskatu zion Michelle Alliot Marie Frantziako Barne ministroari.

Geroztik alderdi eta sindikatuekin bildu da Alliot Marie, adostasunik erdietsi gabe. Edvigeren aurkako kolektiboko kideak, aldiz, ez ditu bilkurara deitu. «Neurri batzuk aldatuz jendea tronpatu eta dekretua bere horretan atxiki nahi du Alliot Mariek, baina ez gaitu tronpatuko, dekretua indargabetu arte mobilizazioari ekinen diogulako», dio Stephannyk. Irailaren 26an Donibane Lohizuneko Herriko Etxera eraman zuten protesta, Alliot Marie hango hautetsia delako.

Eskubideak urratuz nazien garaiko jarduerak indarrean ezarri nahi dituztela salatu du kolektiboak. Alliot Marieri erantzukizun berezia leporatzen diote, Euskal Herriko hautetsia eta Frantziako Barne ministroa izateagatik. Inkisizioaren desmasiak eta nazien zanpaketa pairatu duen herriak izaera berezia duela dio Stephanyk. Hego Euskal Herriko biztanleei ere arduratsu ihardesteko eskatzen die. «Muga administratiboak herri hau bitan zatitzen badu ere, kultura bera dugu eta elkarlanean oinarritzen gara». Frantziako Gobernuak ez du zehaztu nor egonen den fitxategian. Hendaiako sagarno eguna, Nafarroaren Eguna edo Euskal Herria Zuzenean adibide gisa aipatuz, elkarlanean aritzen diren partaide guztiak fitxategian egonen direla ohartarazten du, Hego zein Ipar Euskal Herrikoak izan.

Elkarte munduak Ipar Euskal Herrian duen dimentsioa ekarri zuen gogora. Hiru lagunetik bat elkarte bateko kidea da. Eta fitxategian kideen lagunak ere agertuko dira. Musean aritzeak, igandetan onddoketara joateak, herriko kermesera joateak edo bizikletan ibiltzeak Frantziako segurtasunari eragozpenik ez diola egiten gaineratu du.

Edvigeren ordez, Edvirsp

Adostasunak emaitzak behar ditu eta, ontsalaz, izen berria. Edvige fitxategiari izena ere aldatu nahi dio orain Alliot Mariek. Edvirsp izena ezarri nahi dio. Kontrako elkarteek ironia handiz hartu dute iragarpena. «Jendeari sobera erraza zitzaion Edvige izena baliatzea manifestazioetan, eta, horregatik, ahoskatu ezin den izen bat ezarri dio, haserrea eztarrietan itotzeko». Baina oraindik deus ez du erabaki Frantziako Gobernuak. Hilabete honetan behin betiko xedea zein den erabakitzea espero dute.

Alliot Mariek iragarri ditu dagoeneko «adostasunaren» nondik norakoak. Prest agertu da sexu joeren edo osasun egoeren aipamena kentzeko fitxategitik. Alta, ez du onartzen fitxaketa 13 urteko gaztetatik abiatzea. Ez du zehaztu fitxaketa horrek iraungitze data duen edo ez.

Gisa berean, erakundeetan ardurak dituzten pertsonak fitxategitik at uzteko aukera aztertu du Frantziako Gobernuak.

Baina Benisti txostenean oinarritutako dinamika gogoan dute gizarte eragileek. Delinkuentzia aurreikusi eta borrokatzeko neurriak aipatzen zituen txosten hark. Bertan bildutako azterketa orokorra, aldiz, hainbat legetan ezarri dute indarrean. Horren fruitu dira eskolaren kalitate legeko, etorkinen legeko eta berdintasunaren legeko hainbat atal, adibidez. Fitxategi batetik ken dezaketena bertze batean bil dezketela diote kontrakoek, eta dekretua osoki deuseztatzeko eskatu dute.

 


Neurri batzuk aldatuz, jendea tronpatu nahi dute, baina indargabetu arte ekinen diogu»

«Nazien garaiko jarduerak ezarri nahi dituzte indarrean eta eskubideak urratu»

Christophe Stephany

Edvigeren aurkako kolektiboa





 

Zer da Edvige?



Edvige fitxategi erraldoia da. Poliziaren informazio zerbitzuak eta Frantziako defentsa eta segurtasun dibisioak fitxategi bat sortu zuten 1991n. Bi zerbitzuek bildutako informazioa bateratu, eguneratu eta osatu nahi du Sarkozyk. Edvige izena harturik, dekretu baten bidez onartu zuen Frantziak, uztailaren 1ean. Baina fitxategian biltzen ziren elementuak eta sar zitezkeen jendearen eremua biziki zabaldu ditu.

Alderdi, sindikatu, elkarte, enpresa edo dena delako egituran dagoen edozein pertsona ager daiteke Edvigen, etorkizun batean «Frantziaren segurtasuna arriskuan ezar» dezakeelako. Irizpide horiek eragile guztiak ezartzen ditu dekretuaren jomugan, eta protesta zabala eragin du.



 

Urriak 16



Ipar Euskal Herriko Edvigeren aurkako kolektiboak Baionako suprefeturara eramanen du protesta urriaren 16an. Eguerdiko hamabietan bildutako gaitzespen izenpetzeak eskura eman nahi dizkio suprefetari elkarteak. Sindikatu, alderdi eta eragile guztiei dei egiten diete antolatzera, Edvige deuseztatu eta bertan behera utzi arte.



 

205.000



Izenpetzeak. Uztailaren 10ean abiatu zuten Edvigeren aurkako sinadura bilketa. Gaurko egunean Frantzia osoan 205.000 lagunek eskatu dute dekretua deuseztatzea. 1.143 alderdi, sindikatu eta elkartek ekimenarekin bat egin dute dagoeneko.



 

Fitxategiko edukiak



Helbide fisiko eta elektronikoak

Telefono zenbakiak

Zerga eta ondareari buruzko xehetasunak

Aurrekari penalak

Ezaugarri fisikoak

Argazkiak

Ohiturak eta jendeari buruzko xehetasunak

Pertsonaren ingurumena

Osasun egoera

Sexu ohiturak



 

Legearen jomuga



13 urtez gorako pertsonak, ordena publikoan arazoak eragin ditzaketela susmatzen bada. Ardura publikoak dituzten pertsonak, politika, ekonomia edo sindikatu mailan. Fitxategian agertzen diren pertsonak ez dira gaur egun ardurak dituztenak bakarrik. Eragile guztiak kontrolpean ezarri nahi ditu, «etorkizunean ukan ditzaketen ardurengatik».



 

160 fitxategi bederen



Frantzian, bederen, 160 fitxategi daude indarrean. Azken urteotan, ordea, giza eskubideen aldeko elkarteen gaitzespena duten xedeak ezarri dituzte abian, hala nola DNA laginak, etorkinena, bortizkeria politikoa erabiltzen duten pertsonena, eskoletan arazoak dituzten haurrena eta gizarte laguntzak dituzten pertsonena.



 

Joelle Assie Berasategi - Baionako abokatuen dekanoa

«Eskubideak urratzen dituen kontrol sistematikoa ezartzen du Edvigek»

A. Renteria

Baiona



Azken urteotan Frantzia askatasunen eremua zangopilatzen ari dela uste du Baionako dekanoak, Joelle Assie Berasategik. Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea den unetik eskubideen higadurak abiadura handia hartu duela dio. Orain artean eztabaida nagusia Sarkozyren inguruan bildu bada ere, Edvige izeneko fitxategiaren kasuan egoera hori gainditu behar dela dio. Nork eta noiz bultzatu duen ahantzi eta dekretuaren deuseztatzea eskatu du. Baionako abokatuek mozio bat izenpetu dute eskari hori bultzatzeko, Frantziako abokatuekin bat eginez.

Edvige fitxategiaren aurkako mozioa onartu duzue Baionako abokatuek irail bukaeran. Zergatik eskatzen duzue fitxategia deuseztatzea?

Edvige fitxategia dekretu baten bidez ezarri zuten indarrean. Ez da lege bat. Beraz, Frantziako Gobernuak eztabaida publikoa ekidin nahi izan du. Badakite ontsa giza eskubideak zangopilatzen dituztela Edvigerekin. Euskal Herrian izan edo Frantzian, abokatuek dekretu hori salatu dugu eta ez dugu etsiko bertan behera gelditu arte. Dekretua indarrean da joan den uztailaren 1etik. Garaia da presioa egiteko eta giza eskubideen aldeko borroka hori irabazteko.

Edvigek zuzenbide estatua kolokan ezartzen duela adierazi duzu. Zertan oinarritzen zara?

Jakin behar da ez dela Frantziako fitxategi bakarra. Gaur egun, bederen, 160 fitxategi daude. Zertarako behar dute hau? Bertze guztiak bildu eta herritar guztiak susmopean ezartzen dituelako. Kargu publiko guztiak agertze dira fitxategian. Baina arriskutsuena fitxategiak indarrean ezartzen duen printzipioa da. Geroan funtzio bat ukan dezaketen eragile guztiak fitxatu behar dira. Xede hori bururatzeko gizarte osoa hartzen du menean. Politikariak, sindikalistak, giza eskubideen aldeko militanteak, etorkinen sostengu taldeak, sukaldaritza elkarteak edo Lourdeseko Ama Birjina ikustera doazen elkarteak. Orain artean aipatzen ez ziren elementuak ere hartzen ditu kontuan Edvigek. Jendearen jatorri etnikoa biltzen du, erlijio sinesmenak, sexu joerak, ohiturak, osasun egoera. Arlo guztietan jendea kontrolpean ezarri nahi du, edozein polizia edo Estaturen esku jarriko ditu datu horiek. Adibide batekin azaltzeko, demagun hiesa duen enpresari batek Amerikako Estatu Batuetan egiten duela lan. Hiesa duten pertsonei sarrera debekatzen dietenez, aski da hango polizia batek pertsona honi dagokion fitxategia irakurtzea sarrera debekatzeko. Ez du deus ikustekorik Frantziaren segurtasunarekin. Gezur handi bat da hori, estakuru hutsa.

INSEE Frantziako estatistikez arduratzen den erakundeak ere ez du jatorriari buruzko galderarik egiten. Ez ote da Frantziak aldarrikatzen duen «berdintasun» eredua urratzen dekretu honen bidez?

Aspalditik hartu du Frantziak bide hori. Etorkinen kriminalizazio sistematikoa ezarri du plantan. Duela gutxi gazte baten defentsa hartu dut. Aita frantziarra du eta ama Hego Ameriketakoa. Semea Frantzian sortu zen. Nortasun agiriak berritzera joan zelarik amaren nortasun agiriak eskatu zizkioten eta ondorioz azaltzeko nola sartu zen Frantzian. Estatuak frantziarren estatus juridikoa zalantzan ezartzen du.

Hamahiru urtez gorako pertsona guztiak geldituko dira Edvigeren menean. Datu horiek ezabatzeko eperik ez da aurreikusten. Haurtzaroko lerratze batek bizi osorako iraupena ukan dezake?

Aski adierazgarria da neurri hori. Haur batek 13 urterekin zozokeria bat egin dezake. Nerabezaroan zeinek ez du zozokeriarik egin? Heziketa da gazteen arazoa eta beharra, ez poliziaren helburu bihurtzea. Arloz arlo, puntuz puntu borrokatu behar da xedea. Orain testua gozatu nahi dute, irentsigarriena utzi eta jendearen oldarra eragiten duena kendu. Estrategia horren kontra borrokatu behar gara. Edvige eskubideen aurkako sistema jartzen du indarrean, eta osotasunean borrokatu behar da, deuseztatu arte.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia